BUSCAR

Historia

MUNDARRO K.E. 1982an hasi zen lanean Astigarragan. Astigarratar talde baten ahaleginari eta gogo beroari zor dio sorrera. Herriko mutilen futbol zaletasunaz jabeturik, eta beste herrietara joan gabe kirolean aritzeko klubik ez zegoenez, MUNDARRO ELKARTEA sortu zuten.

Bi futbol talderekin hasi ziren, kimuena bata eta haurrena bestea, eta Atsegindegi (Hernani) ta Kontxako txapelketetan hartu zuten parte.

Hasieran futbol kluba zen, baina hogeita lau urteren buruan sei federaziotan dagoela esateko moduan gara: xakea, saskibaloia, ziklismoa, futbola, areto futbola eta pilota. Guztien artean 130 lizentzia federatutik gora dira. Horrela hedatu bada, zuzendaritzakoei esker izan da, kirol eskari guztiei erantzuten saiatu baitira, eta horretan ahalegindu nahi dute aurrerantzean ere.

Bi mila ta biko ekainaren bostean Mundarro K.E.ak akordio bat sinatu zuen Astigarragako Udalbatza, Astigarraga Lantzen S.A., Arantzazuko Ama Ikastola, Motelak T.E. eta Herri Kirol Batzordearekin batera, kirola birmoldatzeko Astigarragan. Emaitza, etorkizun hurbilean, Mundarro K.E. Astigarraga K.E. bihurtzea izango da: klub indartsu, homogeneo ta ordezkariagoa, alegia.

Aipatutako akordioari esker, Mundarro K.E.ak lankidetzan dihardu Astigarragako Udalbatzarekin eta Astigarraga Lantzen S.A.rekin, udaleko kirol ekipamenduak kudeatzen, kirol laguntza teknikoa emateaz gainera Ikastolako eskola-kirol jarduerak garatzeko.

Argi esan dezakegu, 24 urteren buruan, Mundarro K.E. Astigarragako kirolaren adierazgarri nagusi bihurtu dela, eta ondotxo bete dituela sorrerako ametsak.

Club

Petritegi